Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EIZIE Elkarteak 1989an hitzarmena sinatu zuten Literatura Unibertsala izeneko bilduma zabal bat argitaratzeko asmotan. Euskal kulturan, hezkuntzan eta, oro har, euskal gizarte osoan behar-beharrezkoa zen era honetako bilduma bat argitaratzea, mendez mende munduan izandako literatura eredurik bikainenak ematea. Euskal Herriko belaunaldi berriek mundu osoko literatur lanik adierazgarrienak eta historian zehar beste hizkuntzetan idatzitako lan bikainak euskaraz irakurtzeko modua izan zezaten. Horrez gainera, itzulpengintza mailarik gorenekoa lortzea da helburua, modu horretara, euskal itzultzaileari ongi merezia duen duintasuna emanez. Euskal hizkuntzak emandako bideari esker, euskal irakurleak beste hizkuntza batzuetan jorratutako lan-baratzetan barrena paseatzeko modua du orain, hitzez jositako urrutiko historia arrotzak ezagun bihurtu, bereganatu eta erraz ulertuz. Herrien eta nazioen mugak hautsiz mundu osoko beste hizkuntza askotara itzulita dauden lanak gureganatu nahi izan dira bilduma honen bitartez.